PIKILLO ALIOLIA

Mahonesa mota asko daude, errezeta ugari laguntzeko. Honako hau, arroza batentzako pentsatua nuen.



Osagaiak:

  • 1 Arrautza
  • 1 Baratxuri alea
  • 50ml Ekilore olioa
  • 150ml Oliba olioa
  • 2 Pikillo piper
  • Gatza

Denbora: 15 minutu

Prestaketa:

1.Pikillo piperrak lehortu. Saltsa eskuzko irabiagailuaren edalontzian prestatuko dugun arren, arrautza ontzi batean kraskatuz hasiko gara. Horri esker, oskol-hondarrik badagoen ikusiko dugu, eta salmonella bidezko kutsadurarik egon ez dadin saiatuko gara, bakterio hori oskolean baitago. Eraman arrautza irabiagailuaren edalontzira, eta gehitu gatza, baratxuria eta oliba olioaren erdia. Irabiagailuaren besoa barrualdean jarriko dugu, oinarria ukituz, eta potentzia txikian irabiatzeari ekingo diogu. Ez dugu irabiagailua mugituko nahasketa emultsionatu arte; orduan (orduan bakarrik), gainerako olioa gehituko dugu, eta, aldi berean, igotzen hasiko gara irabiatzen dugun bitartean, nahi dugun lodiera lortu arte. Orduan pikillo piperrak gehitu eta irabiatu, hauek desegin arte. Hozkailuan gorde zerbitzatu arte.