ZIAZERBA KANELOIA

Pasta orea egin dudan bakoitzean bai kolore bai zapore berbera izan du, eta desberdintasuna, pastaren gainontzekoak izan du. Gaur, bai kolore eta bai zapore aldaketa bat izan du.

Osagaiak:

  • 200gr Gari irin zuria
  • 25gr Oratzeko gari irina
  • 2 Arrautza
  • 125gr Ziazerba
  • Ziazerba egosteko gatza (koilara bat ur litro bakoitzeko)
  • 1/4 Kafe koilara gatza

Prestaketa:

1.Errezeta egiteko ziazerba izoztuak erabili ditut. Kazola bat urez bete eta sutan jarri. Irakiten hasten denean, gatzez ondu eta ziazerba izoztuak gaineratu. 5 minutuz egosi. Denbora pasata, ongi xukatu eta hozten utzi. Behin otza dagoela, labana batekin fin-fina txikitu, gorde.


2.Katilu bat hartu eta irina gehitu, ondoren erdian zulo bat egin. Arrautzak kaskatu eta plater sakon batean irabiatu, ondoren gatza eta ziazerba gaineratu eta multzoa ongi nahasi.


3.Zulora arrautza multzoa gehitu eta ongi nahastu (nik oratzaile bat erabili dut). Erabat nahastua dagoenean, eskuekin oratzen hasi, osagai guztiak ongi nahasteko. Eskuak eta lan mahaia ongi garbitu. Berriro oratu, irina gehituz, oreak eskatzen duen heinean. Garrantzi handia du eskuekin orea luzatzea esku-azpiarekin, gutxienez 10 minutuz landu.


4.Orea elastikoa eta homogeneoa dugunean, film garden batekin estali eta jalki 30 minutuz. Masa zati bat hartu, bestea estalita gorde, eta eskuarekin zapaldu, irinetik pasa eta gero makinatik (arrabola zabalena duen zenbakiarekin hasiko gara) pasa, orea itsaskorra badago irina gehitu. Arrabolaren zenbakia aldatu gero eta itxiagoa jarriz, horrela ibiliko gara nahi dugun lodiera eduki arte (nik 2 zenbakiko neurrian utzi dut). Ondoren lasagna neurriko laukizuzenak egin, 20 minutuz lehortu. Lehorra dagoenean, kazola bat urez bete, gatza gehitu eta irakiten hasten denean, orea gehitu eta 3 minutuz egosi.