Bao, benetan, gua bao izenari erantzuten dio. Lurrunezko ogitxo bat da, eta bere jatorriaren gainean ez dago adostasun handirik. Oso ezaguna da Taiwanen, bertatik iritsi zaigu moda hau. Badirudi, hala ere, errezeta Fuzhoun sortu zela, Txinako hiri eta Fujian probintziako hiriburuan.
Osagaiak:
10 Unitate
- 500gr Irina arrunta
- 7gr Okindegi legamia
- 10gr Gatza
- 6gr Azukrea
- 250gr Ura + 3 Koilarakada
- 20gr Ekilore olioa
- Laberako papera
- 20gr Ozpina
Prestaketa:
1.Legamia 3 koilarakada ur epelean disolbatu. Katilu sakon batean irina gehitu, erdian zulotxo bat egin. Bertan gatza, azukrea, olioa, ozpina eta ura gaineratu. Sardexka batekin nahasi. Legamia disolbatua gehitu, sardexka batekin orean integratu, ondoren eskuekin.
2.Minutu batzuez oratu, eskuetan itsasten ez den arte. Orearekin bola bat egin eta katiluan gorde, film batekin estalita, gutxienez ordu batez, hemen orea legamiatuko da.
3.Denbora pasata, orea katilutik atera eta irineztatuko azal batera irauli. Minutu batez orea landu eta 70gr ataletan zatitu.
4.Ogi atalekin bola txikiak sortu. Arrabol batekin bola bakoitza luzatu, obalatu forma emanez. Labe paper zati bat obaloaren erdian jarri eta orea bere baitan tolestu. Paperak bi aldeak itsasteak saihesten du.
5.30 minutuz ogiak gorde. Denbora pasata, 10 minutuz baporatu. Baporatu ondoren hoztu. Plantxa edo labean gorritu daitezke nahi izanez gero.